Sexu askapena, herri libre izateko zutabe.

Urtero bezala, Gay, Lesbiana eta Transexualen harrotasun eguna da ekainaren 28a. Kabalgata alai, karroza koloretsu eta ohiko argazki estereotipatuez gain aldarrikapen eguna ere bada, munduaren luze eta zabalean, gaurkoa. Ospakizuna eta aldarrikapena.

Munduko toki gehienetan joera homosexual zein transexualak jazarriak eta zigortuak egon arren, gure mendebaldeko gizarte aurreratuan onarpenaren bidean asko aurreratu dugula errepikatzen digute telebista ofizialetako esatariek. Horrela gay edo lesbiana ezkontzak bihurtu dira bizi garen gizarte honetan sexu tendentzia ez ofizialekiko tolerantziaren homologazioa. Orain PPko zinegotzi homosexualak armairutik ateratzen dira, ezkondu eta zein zoriontsu diren adierazten dute telebistan, guztia gure gizarte honen “tolerantzia”ren adierazgarri, elizak estatuaren diru laguntzaz bere erdi aroko jarrera inkisitorialetan jarraitzen duen bitartean.

Ilusiozko barniz faltsu horren atzetik ordea bestelakoa da gure errealitatea. Bizi garen sistema kapitalista honek estutzen gaitu, bakarra baita ezartzen digun eredua. Etxe unifamiliarrean bizi den bikote txuri heterosexuala, txakurra eta umeekin da arrakastaren eredu. Gizarteko arlo guztietatik itzela da txikitatik esterotipo horien inguruan jasotzen dugun bonbardaketa: Familiatik hasita, telebista, komunikabide eta eskoletatik, denda, elkarte edo gure lagun artera.

Bakarra da arrakasta eredua eta bakarra maskulinitate edo feminitate eredua. Horren barruan sartzen dena da normala eta beste guztia “minoritario” edo “arraroa”. Ezin daiteke izan mutil bat afektiboa edo neska bat lider gogorra? ezin daiteke bizitzako une batuzetan mutilak gustuko izan eta bestetan neskak? Bizi garen gizarte kapitalistan ez, klasifikatzea beharrezko duen gizarte batean bizi baikara: mutila edo neska, gay, transexual edo lesbiana. Jarrerak klasifikatu jendea kontrolatzeko. Jarrera horietako bakoitza estereotipo bati lotu hortik ez ateratzeko. Estereotipoak bikotearekin gure harremana eraikitzeko. Estereotipoak ligatzeko eta sexu harremanak izateko.

Pertsonak gara eta ez gara noski berdinak, horregatik bihurtzen zaizkigu kartzela ezartzen dizkiguten estereotipoen murruak.  Urtetan hitz egin dugu iraultza handiez, teorizatu dugu gobernu aldaketez, formatu gara herritar martxinadetan, pentsatuz egun batean goitik behera guztia aldatu eta ametsetako munduan esnatuko zela egunsenti berria.  Aldaketaren pilota ordea gure teilatuan dago eta asko dugu egiteko, menpekotasunean eta jabetzan oinarritzen ez den bikote harreman eredu berrien eraikuntzatik hasita. Iraultza intimoa izan daiteke iraultzarik handiena, gure barrutik, gure harremanetatik hasita lotzen gaituzten kateak askatzen dituena.

Leave a Reply

Your email address will not be published.