Frantzia Mali iparraldean gerran sartu da. XXI.mendeko neokolonialismoa.

Asteko notizia da Frantziako armada Malin sartu dela, iparraldea askatu duten taldeen aurka gerra hasi eta “demokrazia” berrezartzeko. Munduko herri zapalduei begira ari garenetako askok iaz kokatu genuen lehenbiziko aldiz AZAWAD gure buruetako mapan. Joan den urteko apirilean eskualde horietan borrokan ari ziren talde ezberdinek Maliko ejerzitoa kanporatu zutenetik eta MLNAk (Azawaden Askapenerako Mugimendu Nazionalak) AZAWADen independentzia aldarrikatu zuenetik.

Uneotan ordea ez dago legerik AZAWADen, nahiz eta MLNAk  lurraldea bere gain egongo zela eta autoritate nazional bat eratuko zutela esan, zail egin zaio hori guztia gauzatzea, bere aurka ari diren talde islamistengatik. Ansar Dine borrokalari islamistak, Mendebaldeko Afrikan Batasun eta Jihadaren aldeko Mugimendua eta Islamiar Magrebeko Al Kaida. MNLAk bere aldetik ez du oraindik hiribururik aldarrikatu ez eta gobernu formalik eratu, hala ere konstituzioa egin eta demokrazia bat eratzeko asmoa dutela adierazi du.

Nork sinisten du Frantziaren interbentzioa herrialdea babestu eta “demokrazia” berrezartzeko dela?

Inork ez du dudan jartzen talde islamistek “Sharia” lege islamikoa indarrean ezartzea dutela asmoa; erdi aroko jaunen gizarte eredu batera itzuliz, emakumeak zapalduz eta haien erlijio ideiekin bat ez datorren edonor baztertu edo desagertaraziz.  Hala ere nork sinets dezake Maliko interbentzio militarra benetan giza eskubideen alde egina dela?

Ezaguna da Mali deskolonizazio unetik mendebaldeak erositako erregimenek zapaltzen dutela. Alegia, bertoko agintariak ez direla demokratikoki ezarriak eta herritarren eskubideak zapaltzen dituztela eta hau guztia Frantziaren babesarekin egin izan dutela hamarkada luzeetan. Orduan zergatik hainbesteko presaz prestatu du eraso hau Frantziak?

Bere zentral nuklearretarako Uranioa segurtatu nahi du Frantziak.

Frantziako energia sarea zentral nuklearretan oinarritzen da eta bera da Europan zentral nuklear sare handiena duen estatua. Zentral nuklear horiek hornitzeko Uranioa berriz Niger iparraldeko meatokietatik eskuratzen du Frantziak. Eskualde hori basamortu gune bat da, mapen gainean azaltzen den marra soil batek Malitik bereizten duena eta Niger zein Maliko hiriburuetako agintaritzatik urrun kokatzen dena. Gainera azken denboran hainbat talde militar antolatu dira inguru horretan (tuareg herria, islamistak edo Algeriako GIA bezalako taldeetatik etorritakoak…) eta arazoak sortu dizkiote Frantses interesei. Horrela 2010etik uranio meatokietan lan egiten zuten hainbat frantses bahitu izan dituzte.  Eskualde hori egonkortzea eta Uranio ustiapena garantizatzea da beraz Frantziaren helburua.

Estatuen mugak, herrien gainean egindako marrak dira basamortuan

Afrikako deskolonizazio prozesuan zeresan handia izan dute metropoliek, horrela dauka ardura historikoa Espainiak mendebaldeko Saharako auzian edo Frantziak Mendebaldeko Afrika ia osoan (Guinean, Senegalen, Kongon, Benin, Ghana, Malin….). Europako indar kolonialistak joan ziren eta muga artifizialak sortu zituzten: Bertako herriak edo muga geografikoak oinarri ez zituzten muga artifizialak ezarri zituzten sortu ziren estatu berrientzat. Horrela eskuadra eta kartaboiz egin zituzten mugak basamortuan eta Tuareg bezalako herri nomadak hainbat herritan sakabanatuta utzi zituzten. Gainera mendebaldearen interesak babestuko zituzten jauntxo eta kazikeei utzi zieten boterea eta haien babesle izan dira orain arte. Horrela bertako herriak haien lurren baliabideen jabe egin ezinik, zapaldurik bizi dira, garatu ezinik, Mendebaldera emigratu edo beste aukera handiegirik gabe.

Demokraziaren defendatzailea dela errepikatzen du Frantziak, berdin Espainiak Afaganistanen izan zenean. Ez diezagun zuhaitzak basoa ikustea galerazi. XXI.mendeko neokolonialismoaren adibide garbi dugu Frantziaren operazio militarra, Afrikan bere koloniak izan ziren lurraldeetako lehengai eta aberastasunen espolioarekin jarraitzeko. Dohakie gure deiadarra AZAWADeko bizilagunei, MUNDUKO HERRIAK BERE GEROAREN JABE! MUNDUKO HERRIAK BERE BALIABIDEEN JABE!

INFO+: AZAWAD un reportage diffusé par ARTE (fr)

INFO+: Al Jazeera TV Mali conflict (eng)

Leave a Reply

Your email address will not be published.