Trapagarango jaiak, balorazioa.

Pasatu dira Trapagarango jaiak eta balorazioa egiteko garaia da. Gauza dexente aldatu dira eta iritziak-iritzi ukaezina da aurtengo jaiek beste aire bat izan dutela: Herrikoiago, askoz partehartzaileago eta irekiago, nahiz eta oraindik asko dagoen hobetzeko eta egiteko.

JAI BATZORDE IREKIA

Jai batzordea aurten oso berandu osatu da, ekainean udal aldaketarekin batera. Denbora gutxi egon da gauzak osotasunean, hobeto eta zehatzago antolatzeko. Planteamendua erabat berria zen eta gauza asko sekulan gure herrian egin gabekoak ziren, beraz ez da erreza izan. Dena den ukaezina da udal osaketa berriak irekidura izugarria izan duela jai batzordeak proposatu dituen ekintzak bultzatzen. Horren adierazgarri izan da  orain arte pentsaezina zena, jai batzordeko kideek udal azpiegiturak erabiltzeko erraztasun guztiak bere eskuetan izatea (goitibera jaitsieran nabarmenki ikusi den moduan) . Giro berri honetan herriko taldeen jai batzordeko partaidetza bikoiztu da eta hori oso garrantzitsua da.

Hala ere jai batzordeko kideok elkarrekin lan egiteko kultura hobetu behar dugu, jai batzordea ezin da izan barra libre bat bakoitzak berea defendatu, aurrera atera eta besteak ixildu. Bakoitzak antolatzen dituen ekintzetan elkar-eragin behar dugu eta guztion herri ikuspegi bat izatea lortu. Kostatuko zaigu kultura hau sortzea hainbeste urtetan elkarte bakoitza erresistentzian, ahal duen bere kabuz arteratzen egon ondoren, baina borondatea eta indarra badugu, guztion artean lortuko dugu.

PARTEHARTZEA eta JENDEA KALEAN

Bi aldagai hauek izan dira aurtengo jaien ezaugarri nagusiak. Partehartzea aurreko urteetakoa baino askoz handiagoa izan da , paella lehiaketaren arrakasta izan da horren erakusgarri. Baina dudarik gabe eredugarria izan da kuadrilen arteko jaietako liga. Kultura aldaketa bat heldu da gure herrira belaunaldi gazteen bidez, gure herriko jaietan gu geu protagonista izatearen kultura. Esan dezakegu orain 4 urte trapagarango gaztetxeak lonja eta kuadrilekin hasitako elkarlanak bertan izan duela bere islada gorena. Benetan zoriontzekoa da kuadrilen ligaren antolakuntzan eta parte hartzen aritu diren gazteon lana.

Bestalde aipatu beharrekoa da herriko taldeen partehartzea ekintzen antolakuntzan inoiz baino handiagoa izan dela, Olerki Maiteakoen errezitaldiarekin, eskubaloi eta futbito torneoekin, txirrindulari karrerarekin, harrizulatzaileekin, dantza taldearen emankizunekin edo herriko musika taldeen kontzertuekin.

Honek guztiak jaiak herrikoiago izatea eragin du eta horrela jende gehiago ibili da kalean, haur edo guraso, gazte eta zaharrak elkar kalean ibiliz. Praktikan ikusi ditugu Pilar Soutok inposatzen zuen jai komertzial ereduak ekartzen zizkigun mugak eta hutsuneak.

TXOSNAGUNE BERRIA

Positiboa ikusten dugu txosnagunearen kokaleku berria. Talde txikiagoak izana arren kontzertuei indarra ematen dio, kultura zabaltzeko balio du eta txosnaguneari beste joko bat ematen dio.

ETORKIZUNEKO ERRONKAK

Jai eredu berri baten oinarriak markatu ditugu, hutsuneak ere egon badaude eta asko dago hobetzeko beti jai euskaldun, herrikoi eta partehartzaileen bidean:

-euskara: Udaletik kultura zinegotziak uda hasieran haurren ekintzak euskaraz izango zirela esan zuen arren, jakin badakigu herriko haurren tailer eta ikuskizun gehienak gaztelaniaz direla. Zaila da udaletxeak bultzatu duen euskararen aurkako urteetako tendentzia aldatzea, zaila da udaletxearen makinaria aldatzea. Herrian ordea haur guztiak euskal ereduetan ari dira eta gero eta guraso gehiago dira euskaldun. Premiazkoa da udalak bere haur zerbitzua euskalduntzera bultzatuko duen guraso euskaldun lobby bat egituratzea. Hori dugu trapagarango abertzale mugimenduaren erronka nagusietako bat.

-euskal kultura eta lurraldetasuna:Euskal kulturaren aberastasuna bereziki lurraldetasunari lotua dago. Horren erakusgarri izan zen Lapurdiko EUSKI taldearen kontzertua. Giro herrikoi batez, adinen mugak gaindituz euskal mundua hurbileko ez duen jendea hunkitzea lortu zuten. Euskal kultura benetan garatu nahi badugu herrian ezinbestekoa izango dugu lurralde ikuspegia beti present izatea, neurri batean hori baita gure beste diferentziazio ezaugarri bat.

-jaia herrira zabaldu: Jaigunea zabaldu behar dugu, bereziki egunez eta kale ikuskizunen bidez. saiakera honetan helburu izan behar dugu adin ezberdinekoentzat ikuskizunak, zein kale ikuskizunak aurkeztea.

-garbitasuna eta inguruari errespetua: Gero eta beharrezkoagoa da txosnagunean plastiko gogorrezko edalontziak sartzea.  Tendentzia orokorra gero eta leku gehiagotan plastiko gogorrezko edalontziak jartzea da, Aste Nagusian jadanik hala egin dute. Beraz berandu baino lasterrago txonaguneko partaideek eztabaida honi heldu beharko diogu, benetan lotsagarria baita jai egun baten ondorengo goizean baten ondoren txosnaguneak ematen duen itxura.

-berdintasuna: Emakumeen partehartzea gizonezkoena baino askoz txikiagoa da, kuadrilen liga, goitiberak edo txapelketa gastronomikoa ikusi besterik ez dago, espazio publikoa gizonena eta emakumeak ikusle. Jai batzordean honetaz konziente izan behar dugu eta goiz ala berandu desoreka hau gainditzen lagunduko duten neurriak hartzen hasi.

-aurrekontua murriztu: Atzo egin zen jai batzordeko kideen arteko balorazioan oraindik udalak ez zuen balorazio ekonomikoa aurkeztu. 240.000euro inguruko aurrekontua zuten jaiek. Diru kantitate itzela da eta gero urtean zehar ez dago kultur emankizunik herrian, desoreka itzela da.  Pentsatzen dugu guztion artean abian jarri dugun jai eredu honek ez duela horrenbesteko aurrekonturik behar lehengoak baino jai hobeak egiteko. Kultur talde txikiak ezagutuz, aukerak emanez, guztiok elkar lagunduz eta azpiegituretan aurreztuz.

Dudarik gabe aurtengo jaiak inflexio puntu dira, norabide aldaketa ekarri dute eta bide berria ireki gure aurrean. Jai eredu berri baten lehen harria jarri dugu gure herrian. Globalizazioa ezaugarri nagusi duen XXI.mendean, trapagarango jai eredu moderno eta herrikoia eraikitzera goaz, jarrai dezagun  bidean!

Leave a Reply

Your email address will not be published.