#M8: Feminismoa aldaketa sozialaren ardatza da.

Martxoak 8 badator eta horrekin batera deklarazio instituzionalak, hitz hartze politak eta ekitaldi telebisatuak. Puntu moreak banatuko ditu udaletxeak, berdintasuna! Berdintasuna! Entzungo dugu batean eta bestean. Martxoak 8, emakume langilearen eguna, aurpegia garbitzeko folklore eguna izango da batzuentzat, aldarrikapen eguna beste batzuentzat. Egunerokoan berriz emakumeok bizi garen gizarte eredu honetan bazterturik jarraituko dugu.

Kapitalismoa gizonek eta gizonentzat egindako eredua da. Mendeetan zehar gizon europarrak izan dira agintariak gaur egun nagusi den mendebaldeko bizi ereduan. Haien esku egon da botere politiko, erlijioso eta ekonomikoa. Beraz gizon elite horrek bere interesetara moldatu ditu gizarteko arauak eta baloreak, gainontzeko guztiak eskema haien barruan bizitzera behartuz. Tamalez garaiak aldatzen badira ere horrela bizi dugu emakumeok egunerokoa gaur egunean ere. Oraindik orain lan munduan emakumeak baztertuak gara, askotan lan berdinagatik soldata txikiagoak kobratzen ditugu eta irabazi ekonomikoek bakarrik balioa duten mundu honetan kontziliazio familiarra ezinezko egiten digute. Haurren heziketa eta zaharren zainketa gure gain ditugu eta gizarteko arlo garrantzitsuenak diren arren lan hauek ez dira behar bezala baloratuak, ezta ordainduak ere.

 

Espazio publikoan gizonezkoak dira nagusi, haien mundu ikuskera delarik gure bizietan inposatzen. Bizi garen gizarte patriarkalean, txikitatik barneratzen zaizkigu balore horiek guztiak. Horrela gehienetan ikusle gara parte hartzen dugun gizarteko elkarte edo ekimenetan, protagonismo gehiena gizonezkoek dituztelarik hartzen. Egoera hauek, oro har, errepikatu egiten dira eraikitzen ditugun bikote harremanetan. Nor garen, nolakoak garen, gure izatea bera, txikitatik moztu eta ukatu egiten zaigu.

Kapitalismoak gizonezkoek baino baldintza okerragoetan bizitzera behartzen gaituen neurrian, bereziki baztertu egiten gaitu emakumeak. Patriarkatuak gu geu izatea galarazten digun neurrian zapaldu egiten gaitu. Horregatik da hain garrantzizkoa aldaketa sozialaz ari garenean genero borroka bere muinean kokatzea. Sortu nahi dugun mundu berriko pertsonen baloreetan feminismoa erabat barneratua izatea, ez baita egiazko iraultzarik izango feminismoa bere ardatz hartzen ez duenik. Edozein tokitan gizartearen %50a gara, gizartean zapaldua den sektorerik zabalena gara. HASI GAITEZEN KATEAK ASKATZEN!

 

EMAKUMEOK JASATEN DUGUN ZAPALKUNTZAZ eta JATORRIAZ GEHIAGO JAKIN, SAKONDU ETA GOGOETATZEKO:

“La mujer eunuco” : http://ttiki.com/62205

“el caliban y la bruja”: http://ttiki.com/62206

 

—————————–

 

Udaletxean proposamena

BILDUk martxoak 8ko urteroko udaletxeko deklarazioaren harira proposamena sartu du, aurpegia garbitzeari utzi eta hitzetatik ekintzetara pasatzeko. Horrela (1) genero ikuspegiari garrantzia eman eta udaletxearen bizkarrezur izateko eskatu du, genero berdintasuna arlo guztiak ikutuko dituen gai transbersal bihurtzeko eskatuz. Gainera (2) genero berdintasuna bultzatzeko neurriak aurrekontuetan islatzeko eskatu du eta (3) herriko emakume eta talde feministekin harremana ireki eta elkarlanean hasteko ere bai.

 

BILDUren proposamena osorik irakurri: www.scribd.com/doc/210969215/M8-Emakumearen-eguna-2014-03-04

Leave a Reply

Your email address will not be published.