Ongi etorri 2017. Hobea izan dadila.

ezln2(abajo en castellano)

Agur 2016, ongi etorri 2017. Badoa urte zaharra eta badator berria, Trapagaranen beste herri askotan bezala mendian agurtuko dugu urtea. Pico La Cruz mendira igoz, lagunekin elkartuz, musikan arituz, familiarekin afalduz.  Egindakoa hor gelditzen da eta gauzak aldatzeko etengabeko gurpilean aukera berriak badatoz.

Orotariko urtea izan da 2016. Gerrak jarraitzen du Sirian eta Europak mugak ixten dizkie mediterranoan gurutzatu nahi duten milaka eta milaka errefuxiaturi. Hil da Fidel Castro Kuban eta dudan daude  Estatu Batuen atarian kapitalismo basatiari aurre egiten dion alternatibaren etorkizuneko bideak. Hego Amerikako hainbat mugimendu ezkertiarrek gobernuak galdu dituzte eta sistema kapitalistan gobernutik eraldaketa bultzatzearen mugak agerian geratu dira.

Katalunian urrats berriak eman ditu bere askapen prozesuak. Espainian ordea ezkerrak ez du benetan egituratzea lortu eta sakoneko aldaketak gauzatzeko aukera galdu ditu beste behin ere. Monarkiak jarraitzen du, eskuineko agintarien babesaz, kaleetan jarraitzen dute etxe desjabetzeek, emakumeen kontrako indarkeriak edo gazteon etorkizuna eraikitzeko zailtasunek.

Gure herrian ere krisiaren eragina nabari da gizarteko sektore guztietan. Euskal Herrian bakezaleak atxilotu dituzte ETAren armak desegiten ari zirela, presoek urrutiko kartzeletan segitzen dute eta senideek milaka kilometro egin behar dituzte asteburuero bisitetan. Euskaldun tendentzia desberdinak berriz ez gara gure artean konpontzeko gai izan eta ez dugu bertoko baliabideak kudeatuz hobe bizi gaitezen neurriak hartzeko biderik eraiki. Hala ere jarraitzen dugu lokaletik gure herrietan eragiten, jendea elkartzen, auzoei bizi ematen, proiektuak garatzen eta transmititzen, neoliberalen aurrean gizarte berri eta justuago bat sortzen. Gure herria indartu dadin, pertsonak garen moduan gure balibideen jabe izan gaitezen. Ondo pasa urte zaharreko agurra eta 2017a hobea izan dadila. Urte berri on denori eta bereziki Trapagarandarrei!

Leave a Reply

Your email address will not be published.