Euskararen eguna lehenbiziko aldiz ospatu da gure herrian… eta nora goaz?

Lehenbiziko aldiz ospatu da euskararen eguna  gure herrian. Egunak eta egunak, ehundaka daude urtean. Minbiziaren aurkako eguna, emakumeen aurkako indarkeriarena, HIESaren aurkako eguna, liburuarena edo aita edo amarena. Eusko Ikaskuntzak sorturik 1949tik Abenduaren 3an ospatzen da euskararen eguna, San Francisco Xabier edo Nafarroaren egun berdinez.

Azken hamarkadetan administrazioak bultzaturik indartu egin da egun honen ospakizuna eta gure eskualdeko herrietan zabaldu. Tendentzia honi jarraituz Trapagaran izan da gure eskualdeko herrien artean euskararen egunean ekitaldiak antolatu dituen azkena, Muskizen, Abanton eta Ortuellan duela urte batzuk antolatzen hasiak baiziren.  Nolanahi ere, gehien bat udalek sustaturik zabaldu dira euskararen eguneko ekimenak herrietan, baina badute eraginik? Zer dute sakonean helburu?

Nola dago euskaldungoa meatzaldean?

Ez da eskualde euskalduna Meatzaldea. Bertokoek aspaldi galdu genuen euskara eta  inguru euskaldunetatik etorritakoei “vasco” deitzen zieten gure aitite-amamek. Hemengo jendeak ordea euskarari bide eman nahi izan dio. Horrela sortu zen gure herrian gau eskola (AEK)  helduak euskalduntzeko asmoarekin eta askok ikasi genuen berton euskara. Gainera beste guraso batzuek ikastola sortu zuten eta bertan hasi ginen belaunaldi berriak euskalduntzen.

 

.

Frankismo beltzetik asko aldatu da gure herriko egoera. Orain gazte gehienok badakigu euskara eta espazioak zabaltzeko izugarrizko lana egiten ari dira asko (bertso eskolan, gazte inguruetan, hainbat guraso espazioetan, dantza taldean haurrekin..). Poliki jotzen doaz hizkuntz berreskurapen prozesuak, are gehiago belaunaldi askotan hizkuntza galdua egon denean. Horregatik oraindik ere euskaraz Trapagaranen ari garenean zaila egiten zaigu lagunak, lekua, ingurua topatzea, (%15a bakarrik baikara euskaldun!) Ari gara zabaltzen baina oraindik eragina txikia da.

Meatzaldean geure eredua sortu

Esan dugu, ez dugu euskaldun erreferentziarik, gure aitite-amamek ez zekiten euskararik horregatik guk geure eredua sortu behar dugu. Askotan tentazioa dugu kanpora begiratzekoa, gure ereduak kanpoan bilatzekoa. Gipuzkoako modeloak, eredu “bizkatxar” jatorrak ez du gurean balio ordea, arrotzak izaten baitira guretzat.

Meatzaldean bizi gara oso ezaugarri bereziko eskualdean, baldintza sozial, ekonomiko, kultural edo gure gizartean emigrazioak  izan duen pisua gainontzeko eskualdeetatik desberdinak dira eta hori berehala nabari da. Gure erreferentziak desberdinak dira, hori da gure historia, hark egin gaitu garena eta harro gaude hartaz. Meatzaldea edo Ezkerraldea euskaldunak izango badira gure euskalduntasuna guk geuk sortuko dugulako izango da, bertoko euskaldunak euskaraz bizitzen hasi eta  gure “euskal” estilo propio eta erreferentziak eraikitzen goazen neurrian.  Berezkoa, meatzaldea euskal stylea.

Zertarako euskararen eguna ospakizun bezala?

 

.

Zer gertatzen da orduan euskararen eguneko ospakizunekin? Sarri arbola jartzen digutela aurrean zerua ikus ez dezagun. Azaletik mamira jotzeko unean gaude.  Euskararen alde egin nahi dugu? jo dezagun mamira, hauek dira Trapagaranen premiaz abian jarri beharrekoak:

1-Trapagaranen euskara bultzatzeko ezin bestekoa da euskara herriko espazio zein arlo estrategikoetan bultzatzeko udal bulego teknikoa sortzea eta beraz gure inguruko herrietan bezala arlo hau dinamizatuko duen euskara teknikari bat kontratatzea.

2-Beharrezkoa izango da Eusko Jaurlaritzako Euskara Biziberritzeko Plana (EBPN) gure herrian garatzen hastea. Bereziki plana martxan jartzeko Eusko Jaurlaritzako diru laguntza lortzeko beharrezkoa izango da urtea amaitu baino lehen Trapagarango udalean eskakizuna onartzea. Horrela azaldu zuen BILDUk joan den ostiraleko euskara batzordean.

3-Herria eta hizkuntza elkar loturik daude derrigorrean, are gehiago gure eskualdeko berezitasunak hartuta. Ez du balio euskararen eguna ospatzeko espektakulu enpresa bat kontratatu eta bi haur antzerki egitea. Euskara herriko elkarte, pertsona eta taldeekin batera landu behar da, hor daude bertso eskola, guraso elkarteak, euskaltegiak, euskararen inguruan egon daitezkeen gazteak. Guztiok batera egingo baitugu aurrera Trapagaran euskaldunerantz.

Leave a Reply

Your email address will not be published.