ABB Galindoko 84 langileren kaleratzea baimentzen duen EREa onartu dute bart.
Ezkerraldea eta Meatzaldearen desindustrializazio prozesuak ez du etenik. Atzo bertan Espainiako Lan Ministerioak ABB enpresaren ERE espedientea onartu zuen. 84 lanpostu gutxiago Galindon. Egoera orokorra da, Babcock itxi zuten, La Navalen ere kaleratzea egon dira, GAM-Aldaiturriaga ixteko daude eta borrokan ari dira, honekin batera galbidean jartzen dira enpresa handi hauen inguruan bizi ziren enpresa txiki eta sateliteak. Gainera zerbitzu sektorean ere izan da lan postu galerarik, MediaMarkt-en edo IKEAn adibidez. Egoera larria gure eskualdean, 20.000 pertsona langabezian eta 45.000 familia pobrezia eta esklusio egoeretan.
ABB Galindo ez da lantegi defizitarioa, azken urteotan 30 miloi euroko irabaziak eman ditu planta honek. Des-lokalizazioa du ordea helburu enpresak, transformadore zatia desmuntatu, Turkiara eraman, kostuak jaitsi eta hasteko 84 lanpostu desagerrarazi. Epe ertainera Galindoko plantaren desagerpena ekarriko du erabaki honek.
Badago alternatibarik? Mobilizazioa ardatz.
Gure inguruko lantegi historiko guztiak ixten ari diren honetan, ohikoa bihurtu da langileen aldeko deklarazio instituzionalak egitea. guztiak posizionatu dira ABBren alde, Trapagaran, Ortuella, Abanto, Sestaoko alkateak… Non daude ordea?
Aldaiturriagako langileak bere lanpostuaren defentsan hilabete bat daramate Ugarten akanpatuak, haien familiarekin, enpresako atean. Non daude alkateak? Alkateak eta agintariak haiekin egon behar lirateke, akanpadan, gose greban, protestan. Argazkia baino gehiago, itxurak baino gehiago, sakonean gure eskualdeko lanpostuen defentsan limiteraino egon behar lirateke gure alkate eta agintariak murgilduta. Lan Ministeritza presionatzen, Eusko Jaurlaritza presionatzen.
Eredu ekonomiko berria eraiki
Industria handien garaia amaitu da, desagertzen ari da. Beste eredu ekonomiko bat sortu behar dugu gure eskualderako. Zein ordea? Ez da gauza erraza, baina multinazionalen eskuetan erori nahi ez badugu behintzat, kooperatibagintzan, zirkuitu txikiko ekonomian, autogestioan eta ibilbide txikietan oinarritutako ekonomia herrikoia izan behar da. Hori da herritik sortu eta instituzioetatik babestu behar genukeena. Multinazionalen menpe, prekarietate gordinean erori nahi ez badugu behintzat. MEATZALDEAN BIZI eta LAN EGIN NAHI DUGU!
HEMEN ABBren kaleratzeen aurrean BILDUk atera duen agiria: http://issuu.com/bildutrapagaran/docs/abb
Leave a Reply