ARAB SPRING: Urtebete arabiar iraultza loratu zela.

2011ko urtarrila arabiar herrialdeetako herritar matxinadaren hasiera data bezala geratuko da jasota mundu mailako historia liburuetan. Orain urte bat Egiptoko Tahir plazan piztutako matxinada berehala zabaldu zen gainontzeko arabiar herrialdeetara eta denbora gutxian hamarkada luzeetan agintean egondako diktadoreetako batzuk kanporatu egin zituzten. Hala ere, herri protesten ondorioz hainbat herritako agintari autoritarioak botatzea lortu bada ere, ez dira herritarren nahiak eta asmoak gauzatu. Egoera horren erakusgarri besterik ez dira azken hilabeteotan Egiptoko erregimen militarraren aurka herriatarrak egiten ari diren protestak edo Tunisian herri mugimenduak eramaten ari direnak.

ZER GERTATZEN DA BENETAN ARABIAR HERRIETAN? mendebaldearen jarrera komunikatiboa.

Leku estrategikoetan kokatuta daude arabiar herriak, meditarraneoaren bazterrean, Afrikatik Europarako sarrera dira eta petrolio kantiatea handiak dituzte. Baldintza horiek guztiek mendebaldeko potentzien kontrolpean egotera bideratu ditu herrialde hauek. Arabiar herrien deskolonizazio prozesuak aspaldi hasi baziren ere, Bigarren mundu gerraren ondoren lortu zuten arabiar herrietako askok haien askatasuna. Munduan zeuden bi mugimendu nagusien arabera lerratu ziren orduan sortutako herrialde berriak. Libian edo Algerian adibidez errepublika sozialistak sortu zituzten eta sozialismoa praktikan jartzeko eredu propioak garatu zituzten: PANARABISMOA oinarri zuen ARABIAR SOZIALISMOA. Alfabetizazioan asko aurreratu zen eta haien errekurtsoen kontrola eta erabakia izaten saiatu ziren herrialde hauek. Mugimendu guzti honen teorizazioa eta oinarria Gadafiren Liburu Berdean jasota gelditu zen eta Libian garatzen saiatu ziren.     

Denbora guzti honetan ordea ez dugu arabiar herrien berri izan, herrialde ezezagunak dira guretzat eta esan dezakegu komunikabideen aldetik bertako berrien kontrola izan dela nagusi eta azken urteotan lasaitasuna eta ongizatea saltzen saiatu direla, mendebaldeko multinazionalen interesak babestuz bertokoen egoeraren sakonera joan gabe.

MUNDU MAILAKO EZKER MUGIMENDUEN KONTRAESAN eta NORAEZA

Arabiar herrialdeetan sortutako iraultza berriak kontraesanak sortu ditu mendebaldeko ezker mugimenduetan. Sistemaren jatorria ezkertzalea izatea edo herrialdeetako agintariak bere garaian mugimendu sozialista arabiarretako ordezkariak izatera haien alde lerratzera ekarri ditu asko. NATOren Libiako interbentzioak gauzak gehiago nahasi ditu eta NATOren aurka egoteagatik Gadafi defendatzera eraman ditu beste batzuk. Gauza konplikatua da zinez. Egia da Gadafik herri asanbladak garatu zituela, hainbat eskubide bermatu eta herrialdearen baliabideen jabetza Libian bertan mantendu zuela. Hamarkada luzetan pertsona bera boterean egoteak ordea ez dirudi gaurko ideiekin bat datorrenik, edo Libiako gainontzeko herri eta kultura txikiekin izandako trataerak eta abar.

Mendebaldeko interbentzioak ere ez ditu gauzak errotik aldatu. Bere interesak mantentzeko asmoz diktadore batzuk beste batzuen truke aldatzeko saiakera egiten ari da, akordio komertzialak mantendu eta arabiar herrialdeen aberastasunak lapurtzen jarraitzeko. Horrela komunikabideetan esaten ez badigute ere herritarrek kalean jarraitzen dute Tunisian eta Egipton, baita mendebaldearen hain lagun diren Yemen, Barhein eta Sirian ere. Nolanahi ere belaunaldi berriak dira iraultza hauen protagonista, balore berriak-behar berriak dituzten belaunaldiak. Borroka ordea betikoa da, herrien baliabideen defentsa, herritarren burujabetza eta herritarren askatasunak babestuko dituen sistema berrien sorrera. Beraz egoera eta kontraesan asko badaude ere, urtebete igaro denean beste mota bateko mundua nahi dugunok ez dugu mugitzen diren herritar alternatiboekin bat egitea beste aukerarik. Ez da dudarik arabiar iraultzak bere barne mundua astindu eta pentsamolde aldaketa sakon bat ekarri duena. Bakoitza bere ikuskera eta jatorri eta kulturatik, baina guztiok bat herria oinarri izango duen mundu berriaren alde. Tunisiako Amel Mathlouthi kantariak esaten duenez KELMTI HORRA: gure hitza askea da! geure buruak askatu eta bihurtu ditzagun hitzak eta nahiak egi!

Leave a Reply

Your email address will not be published.