Ikurrina eta olinpiar jokoak.

Maialen Chorraut gipuzkoarrak brontzea irabazi zuen Londresen, joan den ostiralean jokatu ziren Olinpiadetako ur bizietako K1 mailako jaitsieran, bere senideei ikurrina haizatzea ordea debekatu egin zieten Olinpiar jokoetako zentsoreek. Frantzia eta Estatu Batuen arteko emakumezko futbol partida ikusten ari ziren zale Bretainiar batzuei bere bandera armailetan erakustea debekatu zieten Olinpiadetako zentsoreek lehenik. Modu berean egun batzuk beranduago ikurrina erakustea debekatu zieten Maialen Chorrauten senideei, olinpiadetan jolasten duten selekzioen banderak erakustea soilik baimenduta dagoen aitzakiapean.

Ofizialak diren estatuen banderak erakustea normala da, estaturik ez duten nazioen banderak haizatzea ordea politika eta kirola nahastea omen da. Ba al da ordea komunitate batek bere sentitzen duen ikurra debekatzea baino gauza zentzugabeagorik? Hegoaldeko Sudanek iaz independentzia lortu ondoren bere lehenbiziko olinpiadak jokatzen ari ditu aurten. Orain lau urte haien bandera haiazatzea debekatua zegoen, orain berriz ez. ez al da zentzugabea lehen debekatua zegoena orain normala izatea? Ez al luke zilegitasun bera orain bezala lehen edozein pertsonak Hego Sudaneko bandera haizatzeak?

Estatua izatea da olinpiar batzordea eratu, selekzioa izan eta txapelketa ofizialetan normaltasunez aritzeko aukera bakarra. Salbuespenak badira tradizio demokratikoko lurraldeetan, Danimarkako Faroe Irlek edo Goenlandiak adibidez zuzenean parte hartzen dute olinpiadetan, baita futbolean Eskozia eta Galesek ere. Tradizio inperialeko Espainia eta Frantzia bezalako estatuen artean bizi garenontzat ordea zail dirudi halakorik imaginatzea. Estatu zapaltzaileen inposaketen gainetik ordea errealitatea bestela azaltzen da: Alex Fabregas hokcey jokalari katalanak argi azaldu du orain 3 egun egindako adierazpenetan. “Halabeharrez jokatzen dut Espainiako selekzioarekin eta askoz gustorago jokatuko nuke Catalunyakoarekin“.

Beraz Frantzia eta Espainiaren artean ukaturik, estatu independientea izatea da guretzat munduko txapeketetan normaltasunez azaltzeko aukera bakarra. Bitartean Cathy Freemanek 2000.urtean Sidneyn Australiako aborigenen bandera ateratzean egin zuen bezala edo aurten Damien Hoopperrek egin duen moduan, herri txiki eta ukatuen ikurrak izango dira gure ikurrak, española baino askoz geureago.

Leave a Reply

Your email address will not be published.