Zorionak Palestina! estatu zara NBEn.
10 bat egun igaro dira. Hemendik aurrera, azaroaren 29a ez da nazioarteak Palestina zatitu zuen eguna soilik izango; Nazio Batuen Erakundeak (NBE) estatu behatzaile izaera aitortu zion eguna ere izango da. Iragan azaroaren 29an onartu zuen NBEren Batzar Nagusiak Palestinako Aginte Nazionalak (PAN) aurkeztutako txostena: 138 herrialdetako ordezkariek eman zuten aldeko botoa, bederatzik kontrakoa eta 41 abstenitu egin ziren.
Nazio Batuen (NBE) ebazpenak palestinarrei dagozkien eskubide nazionalak aitortzen ditu. Alde batetik, autodeterminaziorako eta estatu independentea sortzeko eskubidea, Israelek 1967an okupatu zituen lurrak erreferentzia gisa hartuta, Jerusalem ekialdea barne. Bestetik, Israelen ondoan bakean bizitzeko beharra; ebazpena onartuz gero, negoziazioei berriz ekiteko borondatea adierazi du PANek.
1947an hasi zen guztia
1947an NBEak Palestinaren Zatiketa Plana onartu zuen, horrek lurraldea bi estatutan banatzea ekarri zuen. Juduei (gutxiengoa ziren orduan) lurraldearen %60 eman zitzaion. Juduek plana onartu zuten, baina arabiarrek ez. Horrela 1948an israeldar estatua sortu zen eta berehala, inguruko bost estatu arabiarren eta Israelen arteko gerra hasi zen. Israelek irabazi zuen gerra, Zisjordania eta ekialdeko Jerusalem Jordaniaren agindupean geratu ziren eta Gaza Egiptoarenean. Baina Israelek legez zegokiona baino %26 lurralde gehiago okupatua zuen. NAKBA (hondamendia arabieraz) deitu zitzaion prozesu horri eta Palestinan bizi ziren arabiarraren %70ek bere etxeak utzi behar izan zituzten. Horrela sortu ziren, Nablus, Jenin, Gaza edo beste hainbat hiritako errefuxiatu guneak. Poliki poliki Israelgo estatua hartutako lurretatik palestinarrak bota eta zabaltzen hasi zen Palestina historikoa bereganatuz.
Intifada eta bake prozesua
Intifada da palestinar herriaren matxinadak hartzen duen izena. Okuopazioa, haien herrietatik eta etxeetatik botatzea, haien lurrak banatzen dituen harresia eraikitzea, seme-alabak edo lagunak hiltzea. Guztia galtzera kondenatuak izan dira Palestinarrak urteetan zehar. Honek israelgo estatuaren aurka altxatzera eraman ditu, eskuan izan dutenarekin. Tartean garatu dira bake prozesuak palestinan. 1991an hasitako Osloko akordioarekin jarri zen 2 estatuen konponbidearekin.
Oslotik aurrera ordea judutarrek jarraitu dute Palestinako lurra okupatzen, asentamentuak eraikitzen eta Palestinarrak zangopilatzen. Oraingo NBEko sarrera honek lagundu dezake bake negoziazioetan Palestinarren jarrerak indartzen. Hemendik aurrera Palestinako Aginteak Israelekiko parekotasun gehiago izango du bake negoziazioetan. Bi aldeen arteko negoziazioak geldirik egon dira duela bi urtetatik, besteak beste, Israelek ez duelako PANek jarritako baldintza nagusia bete: Zisjordanian kolonia gehiago ez eraikitzea.
Zailtasun guztien gainetik PALESTINA aurrera doa. eta gu munduko herri txiki eta zapaldu guztiekin. FREE PALESTINE!!
Leave a Reply