Badator Espainiako vuelta. Ostiralean Sopuertara.
Politika eta kirola, kirola eta politika. Espainiako itzulia Euskal Herrira etortzeak bazterrak nahastu ditu gurean. 30 urte baino gehiago dira Vuelta Euskal Herrian sartzen dena eta paradoxikoa ematen du Euskal Herrian txirrindularitzarekiko dugun afizio handia ikusita, kontua ordea bestelakoa da.
Eragile eta alderdi asko azaldu dira Espainiako Vuelta Euskal Herrira modu honetan sartzearen aurka, komunikabide espainol eta alderdi unionistek ordea azkar altxatu dute ahotsa: abertzaleok beti bezala kirola eta politika nahasten ditugu giroa txartu eta aldrebestu nahiean.
Kontua da ordea, PP eta PSOEk Espaniako Vuelta Euskal Herrira politikarengatik ekarri dutela, euskaldunak haien Espainia Handiaren barruan normaltasunez gaudela zabaltzeko:
1-Horregatik diru kantitate itzelak baliatu dituzte Espainiako Vuelta kosta hala kosta Bilbora eta Gasteizera heltzeko.
2-Horregatik etapa garrantzitsuak batere logikarik gabe Vueltaren hasieran jarri dituzte eta azkenak Bilbon eta Gasteizen finkatu, gero azkar azkar larunbatean Madrilera joan eta azken etapa bertan egiteko espainol mezu nazionalarekin amaitzeko.
3-Horregatik ere bai eskatu du Aresek espainiako Vuelta Euskal Herrira sartzean Guardia Zibilak lagun dezala bere ibilbide guztian, benemerita eta guzti euskaldunak gehiago umilatzeko.
Beraz arazoa ez da espainiako Vuelta Euskal Herrian sartzen dela, gaur egun oso ohikoa baita txirrindulari itzuli handiak ondoko herrialdeetan sartzea. Tourra askotan aritu da Belgika edo Holandan, berdin Giroa Suitzan edo Frantzian. Gauza da PPk eta PSOEk kirola bihurtu dutela Euskal Herriaren espainoltasuna aldarrikatzeko Troyako zaldi eta Euskal Herriko errealitate abertzalea ukatzeko martxa berde . Milaka aldiz erakutsi dugu gurean hemengo kirolariek gure selekzioekin jokatu nahi dugula munduan. Pilaka aldiz bete dugu San Mames eta adierazi dugu ozen. Baina Euskal Selekzioa aldarrikatzea politika da, espainiako Vuelta Euskal Herrira ekartzea berriz normaltasuna.
Euskal kirolazaleok gustura hartuko genuke Espainiako Vuelta urtero Euskal Herrian, baina ez horrela. Inposaketarik gabe, kirola politikatik hurrunduz gure herria nazioa dela errespetatzen denean.
Horregatik datorren ostiralean Sopuertara joango gara, Euskal Herriko muga den Las Muñecas gainean munduari esateko Espainiako Vuelta beste herri batean, Euskal Herrian, sartzen dela. Las Muñecas gainean dagoen kartelak dioen bezala “Gure muga hau izan dadila herri libreen arteko pasabide librea”.
Leave a Reply