Udalak ez du euskararen alde egiten.

Udalak ez ditu euskara normaltzeko bidean bere aukerak baliatu eta legeak ezarritako derrigorrezko minimoak betez erantzun dio udaleko hainbat lanposturi hizkuntz eskakizuna ezartzeko BILDUk apirilean egindako proposamenari.

Legeak eskatzen zituen minimoak eta udalean zeuden langileen aukerak aztertuta proposamena  egin zuen BILDUk. Legearen arabera udaleko 6 langileri dagokio 2017rako hizkuntz eskakizunak betetzea. Hortik abiatuz eta herritarrek esukaraz bizitzeko dugun eskubidea oinarri hartuz BILDUk proposatzen zuen  publikoari begira zeuden lanpostuak lehenestea hizkuntz asignazio horietarako.

Horrez gain BILDU ohartu zen bazirela beste 6 langile jadanik hizkuntz eskakizunak betetzen zituztenak baina zehaztasun hori haien lanpostuei lotua ez zutena. Beraz udaleko aukerak ikusita BILDUk proposatzen zuen 12 lanposturi hizkuntz eskakizuna lotzea: publikoari begira dauden 6 lanpostu jendea euskaraz bizitzeko beharrezkoak direnak eta jadanik langileek euskara dakitelako hizkuntz eskakizuna betetzen duten beste 6 lanpostu baina euskara eskakizuna momentuan lanpostuari loturik ez zutenak.

Politikakeriak euskararen etsai

Politikaeria izaten da askotan euskararen etsai eta oraingoan ere hala izan da. BILDUren proposamena batzordean eztabaidatzen hasi orduko egin zuen PNVk bere proposamena, inolako irizpidetan oinarritu gabe, BILDUrengandik  bereiztu eta protagonismoa bereganatzeko asmo hutsarekin. PNVren proposamenak hizkuntz eskakizuna 8 lanposturi ezartzea proposatzen zuen eta horretarako euskara irizpideetatik kanpo uzten zituen musika eskolako zuzendaria, gizarte laguntzailea, aparajedorea eta administrazio orokorreko teknikaria.

Greba orokorrean alkatearen inposaketak

Beraz gaia eztabaidatu ondoren erabaki definitiboa hartzeko maiatzeko plenora eramatea erabaki zuen udal gobernuak. Plenoak ordea maiatzaren 30rako deitua zegoen greba orokorrarekin bat egiten zuen eta dataz aldatzeko eskatu zuen BILDUk. Udal gobernuak ordea ez zuen gaia eztabaidara eramatea ere onartu eta beste batzutan Athelticen partiduengatik aldatzea erabaki bazuten ere, alkateak oraingoan itxikeriaz eta inposaketaz ez zuen gaia eztabaidatzea inola ere onartu. Horrela BILDUko zinegotziek konbokatuta zeuden manifestazio eta protestetan indar guztiz parte hartzea eta maiatzeko plenora ez joatea erabaki zuten protesta gisa.

Azkenik inposaketaren plenoan (maiatzean) eztabaidatu zen  langileen hizkuntz eskakizuna ezartzeko proposamenak eta PSOEk momentuan egindako proposamena atera zen aurrera. 6 langileri soilik lotuko zaio hizkuntz eskakizuna beraz legez derrigorrezkoa denari. 3 udaltzain, sarrera erregistroko laguntzailea eta bulego  teknikoko administrari laguntzailea eta dinamizatzaile kulturalari.

Udalak ez du inoiz euskararen alde egin eta beti atzetik doa.

Ezaguna da Trapagarango udalak euskararen alde ezer gutxi egin duela urte luzeetan. Kontseiluaren rankingnetan euskararen alde Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udaletan gutxien egiten duen udaletako bat izan da eta eta izaten jarraitzen du.  Euskarak aurrera egin badu herritarren ekimenez izan da gurean, herritarrok sortu genituen gau eskolak edo euskaratu irakaskuntza eta atzetik iritsi da udala beti.

Franko hil eta 35 urtera udalak euskaldunei arrotz izaten jarraitzen du, eta sakonean PNV edo PSOE ez da erroko aldaketarik nabari udaletxean. Euskarak gurean bere tokia hartuko badu, euskaldun bagarelako, gure ondare eta baliabide bezala erabiltzeko babes sendoa behar du. Alderdikeria eta oztopoen gainetik, gure herrikoa ere badelako.

Leave a Reply

Your email address will not be published.