Kurtso berriari begira. Ildoak-helburuak.

Iraila igaro da eta hilabeteko batzorde eta plenoarekin hasiera eman zaio udan geldirik izan den udaletxeko jarduerari. BILDUk orain arte aritutako ildoei jarraituz urte honetarako helburuak zehaztu ditu:

UDALETXE HERRIKOIAREN BIDEAN :

1-GARDENTASUNA: Udaletxeko dirua diru publikoa da, herritar guztion dirua. Horregatik BILDU saiatuko da udaletxeko gastuen kontrol ahalik eta zorrotzena egiten. Horretarako udal gobernuak egiten dituen inbertsio eta gastuen jarraipena egingo du eta informazio hori auzotarrei helarazteko ahaleginak egingo ditu.

2-PARTEHARTZEA: BILDU alderdien pribilegioen aurka eta herritarren kudeaketa zuzenaren alde dago. Udaletxeko mekanismoak nahasgarriak dira, burokratikoak eta motelak, oztopo guzti hauek atzera egiten digute askotan bertan zuzenki parte hartu nahi dugun herritarroi. Alderdi ofizialak mekanismo hauek mantentzen tematu dira urteetan, herritarrek haiengan delegatu eta haiek herriaren salbatzaile haien burua azaltzeko.

Alderdiek udaletxeko informazio guztia dute, teknikariak eta udaletxeko makinaria guztia herritarrek udaletxean duintasunez parte hartzeko ordea baliabideak behar ditugu. Ildo horretan BILDUk herritarren proposamenei udal batzordeetan jarraipena eman, herritarrei parte hartzeko aukera zabaldu eta udalean dagoen ahalik eta informazio gehien ematea dauka helburu. Gainera udaletxean proposamenak aurkeztuko ditu, gaur egun herritarren parte hartzea gutxietsi edo mugatzen duten legeak aldatzeko.

3-HERRITARREN ESKARI eta OBRA TXIKIEN JARRAIPENA egiten jarraituko du. Herritar, kale, auzo eta auzo elkarteei garrantzia emanez.

4-IKUSPEGI HERRIKOI eta EZKERTIARREZ PROPOSAMENAK LANDU eta EGINGO DITU: BILDU udalean eztabaidagai diren gaiak eztabaidatu eta adosteko prest dago. Horretarako etengabe uneko gaiak aztertu eta ikuspegi herrikoi eta ezkertiarrez proposamenak egiten jarraituko du eta bere indar guztiz defendatuko ditu, oposizio eraikitzailea eginez azken bi urteotan egin duen moduan.

HERRIA ERALDATU eta BERE BURUAREN JABE EGITEKO BIDEAN:

Udala lan esparru bat da baina BILDUk Trapagaran aldatu nahi du, herrikoiago, askeago, solidarioago eta berdinzaleago egin. Alderdien interes partikularren gainetik, auzotarrok etorkizuna geure eskuetan hartu behar dugu, gure inguru hurbilean erabaki espazioak irabaziz, balore berri eta kolektiboetan biziz eta balore horietan gure herria eraikiz. Balore aldaketa horretarako jendartean, udal esparrutik kanpo, lan egingo du BILDUk:

1-EZTABAIDA eta FORMAKUNTZA: Iaz bezala aktualitatekoak diren gai sozialen inguruko jardunaldiak antolatu eta burutuko ditu, beste mundu bat eraiki eta bizi nahi dugun herritarrak elkartu eta harremanetan jartzeko. Alternatibak ezagutarazi, ideiak zabaldu eta eraikitze bidean jartzeko

2-ALDAKETA SOZIALAREN ESPARRUA ZABALDU. Eskualde eta inguruko aldarrikapen eta gatazka sozialak herrian zabaltzeko edozein esparrutan edozein herri edo gizarte mugimendurekin elkarlanean lan egiteko prest dago BILDU. Udaletik kanpo herritarren esparru anitz hori indartzen eta beretik aportatzen bere indar guztiz ahaleginduko da BILDU.

3-SEKTORE ABERTZALE eta EZKERTIARRA  AKTIBATU eta ZABALTZEN saiatuko da BILDU, jendea antolatzera animatuz, elkartuz. Abertzale eta ezkertzaleen sarea osatuz, eta edukiz elikatuz. Norbere auzo edo kalean aktibo izateko baliabideak jarriz, herrian murgilduz eta ahal duen guztian lagunduz.

Ekin dezagun aurrera! espazio berriak sortuz, irekiz, landuz gizarte aldaketan murgilduz biharko askatasunaren bidean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.