Trapagaranen emakumeak plazan?

Mende luzeetan plazan garatu du gizonak bere alde soziala,  emakumeak salbuespenak salbuespen etxe barneko espaziora mugatu behar izan duen bitartean. Taberna, bertsoa, musika, soziedade eta txapelketa gastronomikoak edo kirola historikoki gizonen arloak izan dira. Horren erakusgarri dugu euskaraz plazagizon hitza erabiltzea “pertsonaia publiko” adierazteko eta plaza espazio publikoa edo kaleari erreferentzia egiteko.

Hala ere, emakumeok aurrerapen handiak egin ditugu azken mendean gure eskubideetan zein espazio publikoaren erabileran, nahiz eta egiazko berdintasunera iristeko, oraindik ere, bidea dugun egiteko. Horregatik eta Gipuzkoako Lilaton taldeak kirola eta emakumea ardatz hartuta kaleratu duen dokumentala ikusi ondoren gai hau ekarri nahi dugu gurera: Trapagaranen emakumeak badu espaziorik plazan?

 

Emakumeak plazan

 

Trapagaranen emakumeak plazan?

Norena da gure herrian espazio publikoa? Tabernetan mugitzen gara, gizonak bezala hori bai, baina herriko bizi sozialean zentralitatea duten ekintzetan partaide edo ikusle gara? Kirol arloan adibidez, emakumeentzako talde kirol eskaintzarik ia ez dago gurean, igeriketa izan daiteke emakumeek gehien parte hartzen dugun kirola, beste guztietan ordea… harrizulatzaileak gizonena, futbola eta eskubaloia salbuespenak salbuespen gizonena, txirrindularitza berdin. Horrela herrian pisua duten kiroletan ez dago emakume eskaintzarik. Kirol esparrutik kanpo ere ba laster asko konturatuko gara plaza gizonena dela Trapagaranen. Kirol eta kultur elkarte gehienen ordezkariak gizonak dira, eta urtean zehar herrian garrantzitsuak diren ekimenetan gizonena da espazioa, emakumeak berriz ikusle gara. Ikusi besterik ez dago goitiberen partaidetza, jaietako kuadrilen ligako partaidetza edo herriko ekintza gehienetan partaidetza norena den. Gainera eta kezkagarriena da orokorrean lonja zein gazte giroan jarrera hauek errepikatu egiten direla, emakumeak espazioak irabazten joan beharrean, belaunaldiz belaunaldi egoera bere horretan iraunaraziz.

Baina zergatik gertatzen da hau? Zergatik gara emakumeak ikusle eta ez ekintzaile? Emakumeoi ez zaigu kirola egitea gustatzen? Emakumeoi ez zaigu herriko ekintzetan parte-hartzea gustatzen? Batzuek esaten dute gauzak berez gertatzen direla, ez dagoela parte hartzeko gogorik emakume kuadriletan eta parte hartu nahi izatekotan izena eman besterik ez dutela. Neurri batean egia da, baina gauzak ez dira berez gertatzen. Nola ulertzen da txikitan mutiko nahiz neskek kirol arloa nahiko pareko garatzea eta gero gazte garaian neska guztiok kirol egiteari uztea? Alde batetik espazio publikoa mendeetan gizonena izateak badu bere pisua, bestetik gure herrian gaur egun emakumeak pertsona publiko bezala garatzeko baliabideak ez eskaintzeak ere bai. Gizartea ordea ez da estatikoa eta aldatu egiten da, azkarrago herriko kolektiboa, auzokide eta administrazioak norabide horretan bultzatzen badugu. Ez dago ikerketa egin beharrik Trapagaranen partehartzea eta espazio publikoaren erabilera gizonena dela jakiteko, udaletxetik ere bada garaia arlo horretan zerbait egiten hasteko.

Segurtasuna eta munizipalak, beste beharrizanen aurretik

Segurtasuna eta udaltzainen ratioak, azken aldian udaleko gobernutik haizatzen ari diren leloak dira. Kriston kotxea erosi dutela super-oferta batean (26.000eurotan) eta orain udaltzain gehiago behar direla. Egia da, Trapagaranek ez ditu udaltzainen ratioak betetzen, gure tamainako herri batentzat udaltzain gehiago behar lirateke. Baina erraz jartzen dute segurtasuna beste beharrizanen aurretik. Udaltzainek ez badute ratiorik betetzen, zer esan dezakegu berdintasun arloari buruz? Ez dugu berdintasun teknikaririk udalean eta emakumearen egunean burdinezko meatokietako emakumeen argazki batzuk publikatzea salbu gure udalak ez du arlo horretan orain arte inolako politikarik egin. Beraz kontua da gure herriko hutsuneak osotasunean ikusiz lehentasunak jartzea eta erabaki horien arabera epe luzerako politikak markatzea.Guretzat berdintasunaren arloa lehen bait lehen martxan jartzea epe luzera emaitzak emango dituen ezinbesteko beharrizana da.

Leave a Reply

Your email address will not be published.