MOROAK GARA BEHELAINO ARTEAN

Saltsa ederra sortu du Joseba Sarrionaindiak bere azken lanarekin Euskadi literatura saria irabazi izanak. Epaimahaikoek ez dute dudarik izan Sarriren azken lanaren kalitate literarioa, lanaren mardultasuna eta generoaren berezitasuna azpimarratzean, kontua da Joseba Sarrionandiak 1985ean ihes egin zuela Martuteneko kartzelatik eta ordutik aurrera inork ez dakiela non babesten den, nahiz eta urtero urtero Durangoko azokara bere liburu berri batekin etortzen zaigun. Euskal letren maisu handia dugu Sarri, urte guzti hauetan genero literario ezberdinak landu ditu, poesia, narrazio laburrak, ipuinak, eleberri luzeak, hamaika musikarik baliatu dituzte bere hitzak haien kantuak osatzeko, hala nola Mikel Laboa, Ruper Ordorika, Oskorri, Imanol, Berri Txarrak edo Ken7 taldeek. Azken lan honekin, “moroak gara behelaino artean”, aurrekoekin oso desberdina den liburua aurkeztu digu Sarrik, Afrikako iparraldeko Rif-en kokatua. Baina ez da hori arazoa, ez dira izan Berebereak, Amazigh jendea edo haien buruzagi independentista AbdelKrim liburuan agertu izana Eusko Jaurlaritzarentzat egiazko arazo. Ez dira izan edukiak, liburuaren kohesioa, idazteko era, hizkuntzaren aberastasuna edo balibideen erabilera arazo. Joseba Sarrionandia euskal iheslaria dela da Patxi Lopezen  gobernuarentzat onartu ezinezko arazo.

 

Espainiarekin mugak besterik ez euskal kulturarentzat

Euskal Herrian gatazka politiko bat bizi dugu, egon dira presoak, egon da kartzela, heriotzak eta zigorrak, hori izan da gure historiaren parte. Idazle batzuk egon dira kartzelan, fontaneroak, igeltseroak edo irakasleak egon diren moduan. Beraz zilegi da literatura sariketa batean idazlearen ibilbide politikoaren arabera saria erabakitzea kriterio literarioak baztertuz? Epaimahaikoek argi esan dute, sariketan Sarriren liburua izan zela hautagaien artean onena. Ez da nahikoa Patxi Lopezen gobernuarentzat antza, eta ondorioak garbiak dira: Beti haien mendeko, euskaldun ez diren agintariek zer nahi duten haien txotxongilo euskal kultura. Agintari espainolentzat euskara eta euskal kultura ez da inoiz unibertsal, beti gara txiki, beti erregional. Espainiar mentalitatearentzat euskal idazleak beti kriterio politiko batzuen arabera idazten du, beti konpromezu edo militantzia baten arabera. Ez dute ulertzen gu geu garenak garelako idazten dugula euskaraz. Gu geu euskaldun garelako barnetik irteten zaigula naturalki euskaraz. Euskaldun izateak egiten gaitu mundutar eta unibertsal haien zaindaritzatik pasatu gabe, haien jardunak aldiz, beti mugak, harresiak dira euskal kulturaren garapenarentzat.

Euskaldunok moroak gara behelaino artean

Istorioa Afrika iparraldeko berebereen borrokan abiatzen du Sarrionandiak. Pertsonaia historikoak, gerra kolonialak, inperialismoaren aurkako aldarria, iritziak plazaratzen dira lan mardul honetan. Galtzaileekiko mespretxuaren konstatzioa, amazigh hizkuntzaren egungo egoera, boterea eta gizartearen arteko erlazioak azalarazi beste ideien artean. Ongi azaldu Joseba Sarrionandiak berak liburu honen gainean ARGIA aldizkarian argitaratu zen elkarrizketan:

“Nik ez dakit zer berri ekartzen duen immigranteak, baina ia beti da “bestea”. Immigrantea arrotza da, eta agintzen ez duena, eta situazio irregularrean dagoena. Euskaldunek immigranteekin zerikusia dugula iruditzen zait, apur bat arrotzak garelako geure herrian, ez dugu agintzen eta, herri gisa, situazio nahiko irregularrean gaude. Euskaldunek erlazio eta zerikusi gehiago dugu immigrante amazig edo senegaldarrekin Espainiako bankariekin edo guardia zibilarekin baino. Besteetakoak gara, euskaldun garen aldetik behintzat.” -Joseba Sarrionandia

Euskadi literatura sariaren inguruko saltsa guzti hau, menpe egoteak euskal kulturaren garapen askeari jartzen dizkion mugen adibide bat gehiago besterik ez da. Izan ere gure euskaldun izatea bera aukera ez, gure barneko berezko izatea dela ulertzen ez duten artean, gure herrian burujabe ez garen artean, munduan euskaldun gisa soilik unibertsal ez garen artean, euskaldunak MOROAK BAIKARA BEHELAINO ARTEAN, gure herrietan ere bai.

INFO+: “Moroak gara behelaino artean” – Liburuaren kritikak (hemen)


Hitzak: J. Sarrionandia / Musika: Ken Zazpi

Leave a Reply

Your email address will not be published.