Euskara ikasleentzako dirulaguntzen inguruan adostasuna azaldu dute alderdi guztiek.

Iraileko plenoan BILDUko zinegotziek egin genuen interbentzioan, euskaltegietako matrikulazio garaia amaitzen ari zela eta euskara ikasleentzako beken gaiari buruz eztabaidatzeko euskara batzordea biltzeko eskatu genuen. Azkenean gure eskariari kasu eginez eta udaletxeko batzordeak biltzen ari ez direla ikusirik,  joan den ostegunean elkartu zen euskara batzordea. Bertan euskara ikasleen diru laguntzen gaiaz gain beste hainbat gai aztertu ziren.

Euskara batzordeko aktak eta gai ordenak erdaraz

Bilerako gai ordenaren onarpenak sortu zuen eztabaida.  Normalean tramite huts izaten den lehen puntua bihurtu zen gatazka gune. Kontua da udaletxeko barne funtzionamendua oraindik, euskararen legea onartu zenetik eta 30 urtetara erdara hutsean egiten dela, ondorioz udaletxe barrurako aktak eta gai ordenak españolez bakarrik izaten direla. Badakigu gure herria ez dela herri euskalduna, zaharrek ez dakite eta gazteok irakaskuntzaren bidez jaso dugu euskara. Aitzitik egoera poliki-poliki aldatzen ari da, horren erakusgarri gero eta zinegotzi euskaldun gehiago garela udaletxean ( 5 hautetsi euskaldun gara gaur egun herriko udalbatzan, eta azken 200 urteetan lehenbiziko aldiz  alkatea euskalduna da). Beraz pentsatzen dugu udaletxeak garai berrietara egokitzen hasi beharra duela. Horregatik BILDUko zinegotziek ez genuen erdara hutsez zegoen akta onartu eta hemendik aurrera informazioa bi hizkuntzetan bidaltzen hasteko eskakizuna egin genuen.

Euskara ikasleentzako bekak

Euskara ikasten ari diren Trapagarango ikasleentzat matrikula diruz laguntzeko beka sortzea izan zen batzordeko hurrengo puntua. Euskara ikastea garestia da, euskara Euskal Herrian bizi garen guztion hizkuntza ondarea da, eta horregatik izan behar luke euskara jakiteak edozein euskal herritarren eskubide. Horrela euskara jakitea herritar guztion eskubide bada, euskara ikastearen kostu altuak ez luke euskara ikasteko muga izan behar. Horregatik sartu genuen euskara beken eskakizun hau hauteskunde programan.  Gainera Trapagaran da gure eskualdean eskaintza hau garatua ez duen herri bakarra. Gaia aztertu ondoren alderdi guztiak euskara ikasleentzako beka onartzearen alde agertu ziren. Orain proposamenari forma teknikoa ematea falta da, itxura guztien arabera azaro edo abenduko plenoan aho batez onartzeko. Beraz 2010-2011eko Trapagarango euskara ikasleok beka izango dugula dirudi.

 

Berbalaguna, Ibilaldia 2012 eta EBPN

Berbalaguna egitasmoa jarri zen abian iazko udaberrian Trapagaranen. Berbalagun egitasmoak euskara maila bat daukan jendeak irakaskuntza ez formalean kalean euskara praktikatzeko eskaintza ematen du, herrian euskara praktikatzeko taldeak sortuz (Bertan parte hartu nahi duenak aski du herriko AEK euskaltegira joatea) . Azaldu zen Trapagarango berbalagun dinamizatzailearen aldaketa.

Ibilaldiaren gaia ere azaldu zen eta aipatu zen nola 2012an Trapagaranen izango den. Aipatu zen iazko Ibilaldirako nola Ondarrun 30.000euro inguruko diru laguntza eman zitzaion udaletik, gaia ordea aztertzeko gelditu zen.

Azkenik Euskara Biziberritzeko Plana (EBPN) ere aipatu zen. EBPN Eusko Jaurlaritzatik bideratzen den euskara indartzeko plana da. Herriz herri eta herri bakoitzeko egoera aztertuz euskara poliki poliki normalizatzeko plan bat egiten da, plan hori gero praktikara eramanez  herrian euskara normalizatzeko urratsak emateko. Euskarari dagokion arlo guztietan bezala gure herria da eskualdean EBPN planik ez duen bakarra. Jakin genuen abenduko plenoa baino lehen udalean EBPN martxan jartzea onartuko bagenu, gure herriko plana egiteko kostua Eusko Jaurlaritzak diruz lagunduko lukeela. Hau ikusirik, pentsatzen dugu EBPN gure herrian onartzea lehen bait lehen egin beharreko gauza dela. Horretan jarriko dugu ondorengo hilabeteetan euskararen gaineko gure indar guztia.

Leave a Reply

Your email address will not be published.