Zaharra joan eta berria etorri. 2015 (aldaketa) urte berri on!
Zaharra badoa eta berria badator, zikloen joan etorrian. Gizakiak sortutako kontzeptua da denbora, guztia ulertzeko berezko dugun beharraz gure inguruko gertakizunak sailkatu eta katalogatzeko. Egun, hilabete eta urteetan sarturik doaz eta datoz iragana eta geroa. Iragana gertatutakoa kontatzeko eta geroa etorkizuna eraikitzeko. 2014 bukatuko dugu eta 2015 irekiko dugu bihar.
Urteen joan etorrian munduak bere horretan irauten duela dirudi ordea. Pertsona talde ezberdinen arteko zapalkuntzak jarraitzen du aberastasunez beteriko lurralde estrategikoetan, horrela arma hotsek ez dute etenik Kurdistanen, Saharan edo Palestinan. Eskubideen zapalkuntza berdina Melillan zein mediterraneoko hesi ezberdinen aurka harrapatuak diren emigranteentzat. Zailtasun eta ukapena berriz hemen etxebizitza zein lana lortzea gero eta nekezago dugun gazteontzat.
Geurera etorrita joaten ari den urtean Kutxabank pribatizatzeko bidean jarri dute bertoko jauntxoek, eta isilpean gure herrietako ehundaka familia haien etxetik kanporatzen jarraitzen dute. Madrilen onartzeko bidean jarri dute manifestazio zein herritar protestak zigortzeko legea, Gasteizetik murrizketa eta austeritate neurriak aplikatzen jarraitzen duten bitartean. Abiadura Handiko Trenaren lanak motelago baina aurrera doaz eta merkantzia trena pasatu nahi dute gure herritik.
Baina herritarrak ez gaude geldi, abortoaren legea geldiaraztea lortu dugu aurten horrela. Eskoziak erreferendumean bozkatu du zer izan nahi duen, Catalunyan aurrera doaz eta hemen milaka pertsonako giza katez lotu ditugu Durango eta Iruñea.
Langabeziak bere neurri altuan mantentzen da, lantegiak ixten jarraitzen duten bitartean multinazionalen menpeko zerbitzu herri bat sortzeko. Politikoen soldatak ez dira jaitsi eta bateko eta besteko ustelkeriak azaltzen dira non nahi. Salbu Uruguayn eta Hego Amerikako herrialde ezkertzaleetan.
Munduak mundu izaten jarraitzen du, boteretsuentzat eroso, azpiko gehienontzat zail. Bizirik eta kalean gaude ordea, auzoko parkean eta poligonoko lantegian, kaleko jendartean, ume zein zahar artean. 2014 badoa eta badator 2015 eta munduko txoko guztietatik ari gara gizarte berri bat eraikitzeko aldaketan lanean: kultur aniztasunean, genero berdintasunean, herrien zein pertsonen askapenean eta aberastasunaren banaketan oinarrituko dena. Beste mundu bat posible da eta guztion artean eraikitzen dugu egunez egun.
Leave a Reply