AMAIUR madrilen egongo da euskal ordezkaritza handienarekin (herriko balorazioa)

Horrela gelditu dira hauteskunde emaitzak: Euskal Herritik Madrilera joango diren 23 kongresistetatik 7 AMAIURrekoak izango dira, 5 PP-UPNkoak, 5 PNVkoak, 5 PSOEkoak eta 1 GeroaBAIkoa. Ondorioak ateratzen hasiz  ondorengoak dira nabarmenak:

Euskal Herria anitza: 4 hanketako mahaia.

Euskal Herria anitza da, aniztasun horren islada hauteskundez hauteskunde errepikatzen da, esan daiteke Euskal Herria lau hanketako mahaia dela, oso parekoak diren lau tendentziaz osatua. PP-UPNk botoen %22,27 lortu du, AMAIURrek %22,08, PSOEk %21,65 eta PNVk %21,42. Lau hanka eta lau sektore indarrez antzekotsu, zerbait garbi ateratzeko elkar ulertzera kondenaturik gaude, dudarik gabe euskal gatazkaren konponbide demokratikorako bidean sektoreen bazterketa eta marginazio garaiak atzean utziz, adostasunak eta 4 hanken arteko akordioak beharrezkoak izango dira.

Nafarroan Geroa Baik espazio abertzale berria sortu du.

Nafarroan bi diputatu abertzale izatea emaitza historikoa da. AMAIUR (49.000 boto) eta GeroaBAI (42.000 boto) ren emaitzak gehituz aukera abertzaleek 90.000 bototik gora lortzen dute eta UPNren gobernuaren alternatiba gisa azaltzen dira. Horretarako ezinbestekoa izango da Sabino Cuadrak Labriten AMAIURen ekitaldian esan zuen bezala sektore abertzaleen arteko lankidetza eta adostasunak lortzea. AMAIURrek ez du Aralar+BILDUren kapital humanoa elkartzea lortu, hausnarketa sakonago bat beharko du honek eta epe luzera begirako estrategiak abian ipini Nafarroan egiazko alternatiba ezkertiar sendo bat lortze aldera.  Geroa Bairen emaitzak ulertzeko orduan hiru faktore hartu behar ditugu kontutan, Uxue Barkosen indarra, Diario de Noticias taldearen eragina nafarroan eta Iruñerrian dagoen sektore baskista “akomodatua” GeroaBairen inguruan bildu izana (bizkaian PNV dena).

Eskualde urbano eta langileak

AMAIURrek BILDUk bezala hemen ere emaitza onak lortu baditu ere ez du lortzen eskualde industrializatu eta historikoki langile izan direnetan indarrez sartzen. Bilbo da horren erakusgarri argiena bertan lortu baititu AMAIURrek lau hiriburuetatik emaitzarik eskasenak (%13). Aitzitik objetiboki baldintzak leudeke hainbeste mugimendu sozial, herrikoi eta alternatibo dauden Bilbon emaitzak hobetzeko. Soziologikoki ere bai, gureak dira Euskal Herriko ingururik degradatu eta baztertuenak, bizi kalitate txikieneko guneak. Dudarik gabe ez dira gureak soziologikoki PNVren ereduaren guneak, erosteko ahalmena eta bizi maila Bizkaiko gainerako eskualdeak baino baxuagoak, kultura tasak ere bai, erreferentziak, ohiturak, jatorria ezberdinak…  Baldintza hauek guztiek alternatiba sozialak eraikitzeko aukerak irekitzen dizkigute mugimendu herrikoiei.

Beraz Meatzaldeak eta Ezkerraldeak baditu aukerak, ezkerreko mugimendu abertzaleak oinarri sendo bat azaltzen du, (%13 ingurukoa ezkerraldean eta %18 meatzaldean) bertotik abiatu gaitezen! Epe luzera eskualde hauetara egokitutako diskurtso eta ereduak eraikitzea beharrezko izango dugu, aurrera egiteko gure oinarri humanoa herri alternatiba sozialak eraikitzen jarri beharko ditugu. Gure espazioa herriaren erdigunean kokatu, eraginkor egin zabaltzeko bidea ezkerretik daukagu, are gehiago herritik erabat aldendua eta burokratizatua dagoen PSOEren krisi esitentzial honetan. Finean, herri mugimenduei hertsiki lotua joango den ezkerreko egiazko euskal alternatiba herrikoi, borrokalari eta politikoa eraikitzen joatea genuke gurean epe luzerako erronka. Bidea luzea da, aukerak aurrean dauzkagu, gure esku dago.

Trapagaranen 1100 boto

Trapagaranen 1088 botorekin ezkerreko alternatiba abertzaleak bere espazioa kontsolidatzen du %16a eginez. Irakurketak desberdinak dira, batetik udal (1216) eta foru hauteskundeei (1134) begira BILDUrekiko jaitsiera txiki bat azaltzen du AMAIURrek. Pentsatzen dugu hau bi fenomenori egotz dakiokela,  batetik abertzale zenbaitek Espainiako hauteskundeetan botoa ematera  izan dezaketen erresistentzia eta bestetik kongresura batzutan bai eta bestetan ez joatearen mezu horren atzean praktikotasunetik PNVk egin duen mezuaren eraginak.

Dena den, bata ala bestea, emaitzen balorazioa baikorra da gurean. Trapagaranen 1100 pertsonaren inguruan  konsolidatzen da alternatiba abertzale ezkertzalea, abertzaleentzat zailak diren hauteskundeetan. Honek aurrera begira aukera itzelak ematen dizkigu herrian. Espazio independentista ezkertzalearen esparrua etorkizunera begira zabaltzen den espazioa da, beste guztiak berean mantentzen diren bitartean. Udaletxean jarduteko modu berria dakargu herrira, irekia eta partehartzailea, herriko aniztasuna onartzen duena eta herri mugimendu eta elkarteekin buruz buru lanean dagoena.  Bi hanketan oinarritzen den (instituzionala eta herri mugimenduan) herri eraikuntza lanean ari gara. Epe luzeko betaurrekoak dauzkagu jarrita, poliki poliki goaz aurrera. Politikaren krisiak, alderdi tradizionalen betiko lan moldeak agortuak ditu, guk ordea lanerako baldintza onak ditugu eta gogoa ere bai, gehiago eta gehiago ari gara murgiltzen gure herriaren bihotzean. Eraikuntzarako aktibazioa izango da gurean klabea. Meatzaldeak baditu aukerak, hazia aspaldi ereinda dago eta landarea hasi da ernatzen. Bide onean goaz iritsiko dira loreak!  AURRERA MEATZALDEA GORRIA! Sangre minera, semilla guerrillera!

Leave a Reply

Your email address will not be published.