Euskal Presoen eskubideen alde azaldu dira meatzaldeko BILDUko zinegotziak.

Euskal Presoen eskubideen alde baraualdia egiten ari dira gaurkoan BILDUko Euskal Herriko hautetsiak. Gure eskualdea ez da horretan salbuespen izan eta horrela azaldu dute Trapagarango udaletxearen arkupetan Meatzaldeko zinegotziek eman duten prentsaurrekoan.

Euskal Herria egoera berri batean sartua dago. Ezker abertzaleak “Zutik Euskal Herria” ponentzia onartu eta ildo beretik planteatutako estrategia berriak, denbora gutxian goitik beherako aldaketa ekarri du Euskal Herrira. Justizia eta eskubideetan oinarritua egongo den egiazko konponbidea lortzea da lehenbiziko helburu. Horretarako estatuak aurreko blokeo egoeran eroso zeudela ikusirik, urrats uni-lateralak ematea, ezkertiar eta abertzaleen indar metaketa gauzatzea eta nazioarteko komunitatearen jarraipena izan dira egoera berriaren oinarri. Hortik aurrera etorri dira konponbidearen aldeko Gernikako Akordioa, Nazioarteko komunitateko Aieteko proposamena eta azkenik  ETAren urrats gero eta sendoagoa. Bide horretan gaur bertan Ezker Abertzaleak konponbidearen alde biktima guztien errekonozimenduan urratsak emateko prest dagoela adierazi du.

Estatuek ordea bere lehengoan jarraitzen dute, presoak hurruneko kartzeletan sakabanaturik, Parot doktrina bezalako neurri bereziak euskal presoei aplikatzen, gaixoak kartzelan mantentzen… Urteetan gatazka bortitza bizi izan dugu gure herrian, izan dira hildakoak batean eta bestean, gehiegikeriak batean eta bestean, zigortuak, torturatuak, desagertuak. Demostratuta dago ordea gatazken konponbideak bi aldeko urrartsekin gauzatzen direla munduko leku guztietan. Ezin da asteburueroko presoen senideen exodoarekin jarraitu, 700 presoei bisitan milaka eta milaka kilometro egitera behartu. Gainditu ditzagun iraganeko konfrontazio zuzeneko garaiak eta ireki herri eraikuntzan eta konfrontazio demokratikoan oinarrituko den garai berria. Eman ditzagun urratsak konponbidera:

1-Preso guztiak Euskal Herriko kartzeletara ekarri.

2-Gaixotasun larriak dituzten presoak askatu.

3-Kondenaren 3/4ak bete dituzten presoak askatu.

4-Preso prebentiboak epaiketa izan arte askatu.

5-Parot doktrina bertan behera utzi.

Hau guztia aldarrikatzeko urtarrilaren 7an Bilboko kaleetan egingo den manifestazio erraldoiarekin bat egin dute Meatzaldeko BILDUko zinegotziek eta bertara joateko deia zabaldu. Gainera udalak presoen eskubideak aldarrika ditzan mozioa sartu dute udaletxe guztietan eta azkenik Meatzaldean Nerea eta Iñako bertoko presoek kartzelan 10 urte egiten dituztela salatzeko egingo diren ekimen guztiei babesa adierazi diete.

KONPONBIDEAREN BIDEAN EUSKAL PRESOAK ETXERA!

 

Leave a Reply

Your email address will not be published.